Ostegun honetako ohiko Osoko Bilkuran Elkarrekin Podemosek eskatu du “EAEren 2018ko aurrekontuan, gutxienez, 46.000.000 euroko partida bat ezartzea indarkeria matxistak desagerrarazteko eta Berdintasunerako sektore politiketarako”.
Eukene Arana legebiltzarkideak bere gain hartu du eskaera hori defendatzeko ardura, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio, halaber, pixkanaka inbertsioa igo dezan, 2020an aurrekontu osoaren gutxienez % 1 izateraino.
Bere agerraldian Aranak gogora ekarri du aste honetan gobernuak adierazpen instituzional bat egin duela azaroaren 25ean ospatuko den “Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren” harira. Eta aurrera jarraitu du esanez adierazpen horretan Urkulluren kabinetea prest azaldu dela ”indarkeria pairatu duten emakumeen babes eta arreta integralerako neurri eta baliabideak artikulatzen jarraitzeko”.
Ildo horretan, Legebiltzar Taldeko ordezkariak honako hau adierazi die gobernuko kideei: “hurrengo ekitaldirako aurrekontu osoa igo egin da, baina ez, ordea, Berdintasunerako eta indarkeria matxisten aurkako aurrekontua”. Eta honela jarraitu du: “alde guztietatik begiratuta, zenbakiak ezin adierazgarriagoak dira: % 0,11, aurreko urteetan jada eskasa zena baino are eskasagoa”. Eta horregatik legebiltzarkideak honako ondorio hau atera du: “herritarren erdiaren eskubideen urraketa sistematikoari ez zaio merezi duen lehentasuna ematen”.
“Urriaren 20ko Kontroleko Osoko Bilkuran Lehendakariak emandako erantzunak sortu zuen kezkaren harira sortu da” ekimena, eta EHBilduren ekarpenak ere izan ditu, baina ezin izan du aurrera egin gainerako taldeek, hau da, EAJk, PSEk eta PPk, ez dutelako babestu, Aranak azken horiei proposamen hau bertan behera uzteko argudio sendorik ez izatea leporatu dielarik.