EAJk eta PSEk ezetz esan diote tasa turistikoari martxan jarri nahi duten udalerrietarako

Elkarrekin Podemos IUk salatu duenez, Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiak ez datoz bat hauteskundeetan egindako promesekin, eta, horrela, “turismoek sortzen dituzten gastu gehigarriei aurre egiten lagunduko liekeen tresna bat kenduko liekete herritarrei”.

Jon Hernández: “Tasa horrek ez du eragin negatiborik turismoan, baina bai eragin positiboa gure ekonomian eta zerbitzu publikoetan, eta saihestu egiten du turismoaren hazkundearekin lotutako gastua herritarren gain geratzea”.
Gasteiz, 2023ko ekainaren 15a

Elkarrekin Podemos-IUk deitoratu egin du Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiek, EAJk eta PSEk, Tasa Turistikoa martxan jarri nahi duten udalerrietan ezartzeari uko egin izana.

Koalizioko legebiltzarkide Jon Hernandezek gaur azaldu duenez, “Legebiltzarrean planteatu dugu Euskadin tasa turistikoa martxan jartzea, eragin turistiko handia izateagatik tasa hori ezartzea eskatzen duten udalerrientzat errealitate izan dadin, zerbitzu publikoak eta azpiegiturak hobetzen lagunduz, eta turismoaren gorakadari lotutako gastua bizilagunen gain geratzea saihestuz”.

“Proposatu dugu Jaurlaritzak turismo-tasa deiturikoa bultzatzea, turismoak lurraldeei eta eragin handiena duten hiriei sortzen dizkien gastu gehigarriei aurre egiteko neurri eraginkor gisa, eta turismo-sektorearen iraunkortasuna bermatzeko, sektore horren pisua eta eragina gero eta handiagoa baita gure autonomia-erkidegoan”.

“Hala ere, tamalgarria da EAJ-PSEren ezezko batekin topo egin izana, nahiago baitute gai horrekin eperra zorabiatzen jarraitu kanpainan Donostia bezalako udalerrietan tasa turistikoa nahi dutela esateko, baina ezetz esatea egiaren orduan”.

“Azken finean, EAJk eta PSEk bat egiten dute PPren, Voxen eta ostatu turistikoen merkatuari lotutako enpresaburuen ezezkoarekin, haien interesak herritarren interesen gainetik jarriz”.

Elkarrekin Podemos IUren helburua zerga-figura bat ezartzea zen, eta, Hernandezek azaldu duenez, figura horrek “ez du eragin negatiborik turismoan, baina bai eragin positiboa gure ekonomian eta zerbitzu publikoetan. Tresna horren bidez, diru-sarrera baliotsuak bil litezke turismoak eragin handiena duten lurraldeei eta hiriei sortzen dizkien gastu gehigarriei aurre egiteko. Une honetan Euskadiko herritarrek eta, bereziki, turismoaren inpaktu handiena duten herriek jasaten dituzten gastu gehigarriak. Bide-garbiketa, hondakinen bilketa, trafikoa, azpiegiturak eta bestelako gastuak”.

“Hala ere, Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiek, EAJk eta PSEk urteak daramatzate turismo tasarekin bueltaka, inolako konpromisorik hartu gabe, eta jarrera kontrajarriak dituzte, kasuan kasuko erakundearen arabera. Neurri hori Donostiako hauteskunde-programetan sartzen dute, baina neurri hori bultzatu behar den erakundeetan planteatzen dugunean, alderdi horiek errefusatu egiten dute”, salatu duenez.