Gazteriaren Euskal Legea babestuko du Elkarrekin Podemos IUk

Bilbo, 2022ko otsailaren 21a

Hala iragarri dute gaur prentsaurrekoan, eta pozik agertu dira legearen hasierako zirriborroan sartzea lortu duten neurri eta aldaketekin. Miren Gorrotxategi legebiltzarreko bozeramaileak azaldu du lege honek “gazteen emantzipazioa, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eta gazteen parte-hartze eraginkorra” ahalbidetzen dituela. Hori dela eta, asteartean aurkeztuko den irizpenaren alde bozkatuko dute, eta gauza bera egingo dute legea onartuko den osoko bilkuran; osoko bilkura horrek oraindik ez du datarik zehaztuta.

Gazteen emantzipazio-sarea sortzea da koalizioak egindako ekarpen nagusia. Sare horri esker, gazteentzako zerbitzu guztiak zentralizatu ahal izango dira, eta leihatila bakar gisa erabili ahalko da, aurrez aurre eta modalitate birtualean ere bai. “Gazteak ezin dira independizatu nahi dutenean; izan ere, etxebizitzarena konpondu beharreko arazoa da”, azaldu du Iñigo Martínez Zatón legebiltzarkideak.

Gazteen parte-hartzea sustatzea eta parte-hartze hori erabakigarria izatea da etorkizuneko legeak jasoko duen beste neurri bat. “Lege honek, guk proposatutako neurri guztiak jasota, goitik behera aldatzen du hasierakoa, lege berria dela esan dezakegu”, adierazi du Gorrotxategik.

Horrez gain, gazteen eskubideak bermatuta egongo dira,  “ez da izango lege horretan zerrendatze hutsa egitea”. Horregatik, lege honetan laneratzeko prestazio eta zerbitzuetarako eskubideak jasoko dira, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bermatzen aurrera egingo du, eta berariaz aitortuko da gazteen sexu- eta jatorri-aniztasuna.

“Aurrez aurre jartzen gara beharrezkoa denean, eta ados jartzen gara politikak hoberako  direnean”, azaldu du Gorrotxategik koalizioaren jikaerari dagokionez. “Oraingoan, ados jartzeko arrazoiak zeuden, eta hala egin dugu” eman du aditzera.