Koalizioak egungo sistema pribatizatzailea atzean utziko duen eredua aldatzea proposatu du. Sistema horrek lan-prekarietatea, segurtasunik eza, gastu handiagoa eta herritarrentzako zerbitzu eskasa baino ez ditu sortzen
“Alternatiba hobetzeko apustua egitea da, hau da, zerbitzuak publifikatzea, anbulantziak publifikatzea, Osasunaren kontrola bermatzea eta pertsonak onura ekonomikoen gainetik jartzea”
Gasteiz, 2022ko abenduaren 15a
Elkarrekin Podemos-IUk Euskal Autonomia Erkidegoko bizi-euskarri aurreratuko anbulantziak (SVAm eta SVAe) eta oinarrizko bizi-euskarriko anbulantziak (SVB) publifikatzeko plan bat abian jartzea eskatu du; neurri horrek euskal herritarrek jasotzen duten zerbitzua hobetuko luke, eta, aldi berean, Osakidetzak gaur egun kontratatzen dituen enpresetako langileen eskubideak errespetatuko lirateke.
Era berean, koalizioak eskatzen du administrazioak Bizi Euskarri Aurreratuko anbulantzia-unitate berriak egokitzea medikuaren zerbitzua barne (SVAm), gaur egun zerbitzu publiko hori emateko dauden gabezia nabariak gainditzeko.
“Gure autonomia-erkidegoko anbulantzien eta osasun-garraioaren ereduak pribatizazio-maila handia jasaten du, onura ekonomikoa baino bilatzen ez duten enpresa pribatuei zerbitzuak emanez. Euskadiko herritar gehienek ez dakite anbulantziak pribatizatuta daudela, eta ez dakite ordaintzen dituzten zergak enpresa pribatuen eskuetan amaitzen direla, kontuan izanik enpresa batzuek milioi askoko irabaziak dituztela eta portaera ez oso eredugarriak dituztela. Hori guztia zerbitzu publiko horren prestazioan dauden gabeziak gainditzeko xedearekin”.
Hala salatu du Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak, eta hau gaineratu du: “eredu pribatizatzaile horrek kalte handiak eragiten ditu”. “Lan-prekarietatea, segurtasunik eza, gastu handiagoa eta herritarrentzako zerbitzu eskasa sortzen ditu. Balear Uharteetan ausardiaz publifikatu zen osasun-garraio guztia, enpresa publiko bat sortuz. Valentziako Erkidegoan ospitale oso bat publifikatu zen, funtzionario ez ziren langile internalizatuen figura sortuz”, adierazi du, beste erkidego batzuk hartzen ari diren norabidearen berri emanez.
Azpimarratu duenaren arabera, “zerbitzuen pribatizazio eredua dago Osakidetzan ditugun arazoetako batzuen atzean. Garbitzaileekin izandako gatazkaren atzean dago, eta larrialdietan eta bereziki anbulantzietan bizi izan ditugun gatazka eta arazo ugarien atzean dago ere bai”.
Hernandezek esan duenez, egoera horrek “arazoak eragiten ditu pertsonengan eta pazienteengan, eta horiek urteetan mantendu dira zerbitzua azpikontratatzeko eredu horrekin”.
Horregatik guztiagatik, koalizioko legebiltzarkideak beharrezkotzat jo du “osasun-garraio publikoaren eredu eraginkorra izateko, egokiena da profesional guztiak erakunde berekoak izatea, eta ez batzuk Osakidetzakoak, beste batzuk X enpresakoak eta beste batzuk Z enpresakoak”.
“Hain funtsezkoa den zerbitzu publiko horretarako, azpikontratatzea eredu txarra da, eta horregatik aldatu nahi dugu” hitzekin amaitu du esku-hartzea. Gaur egun, EAJren eta PSEren Gobernuak mantentzen duenaren ordezko eredu baten alde egin du. Eredu horrek osasuna hobetzearen alde egiten du, ez azpikontratatzearen alde, eta “kudeaketa esku pribatuen esku uztean, onura ekonomikoa baino ez dute bilatzen”.
“Alternatiba da zerbitzua hobetzeko apustua egitea, hau da, zerbitzuak publifikatzea, anbulantziak publifikatzea, Osasunaren kontrola izatea eta pertsonak onura ekonomikoen gainetik jartzea”.

Ezker Anitza IU Ezker Anitza IU