Hipoteka aldakorren igoera 2024ko urtarrilera arte izoztea eskatu du Elkarrekin Podemos-IUk

Koalizioak laguntza sozialerako neurri-sorta bat proposatu du. Neurri-sorta horren kostua “banketxeen marjinetan ordaintzea” eskatzen du, erakunde horiek zor diguten diru kopuruan oinarrituta. Izan ere, banku-erreskateak ia 96.000 milioi euroko kostua izan du 2020ra arte

 

Gasetiz, 2023ko otsailaren 23a

Elkarrekin Podemos-IUk legez besteko proposamen bat erregistratu du Eusko Legebiltzarrean, interes-tasen etengabeko igoerek EAEko familia askok ordaintzen dituzten hipoteketan duten eraginari aurre egiteko.

Iñigo Martinez legebiltzarkideak hau salatu du: “inflazioa gutxitzen ari den arren, moneta-politika gogortzen ari da, diruaren prezioa handituz. Hipoteka-kredituen interes-tasen igoerak familien errenta-transferentzia izugarria eragingo du, batez ere ahulenena, bankuen aldera. Kalkuluen arabera, zenbateko hori 13.000 milioi eurotik gorakoa izango da 2023an, eta enpresena, berriz, beste 11.000 milioi eurotik gorakoa”.

“Ohiz kanpoko mozkinak bankuentzat, baina kostu handia familientzat, tipoen igoera horrek maileguen hileko kostua handitzen duelako, eta horietako asko zailtasun larrien aurrean jartzen dituelako hileko kuoten ordainketari erantzuteko”, ekarri du gogora.

Horregatik, “2022an soilik Espainiako bankuek 20.000 milioi euro baino gehiagoko irabaziak iragarri dituzte (7.500 baino gehiago Espainian), 2021ean baino % 25 gehiago, eta 2023rako EBZk tasak igotzen jarraitu nahi du, eta horrek esan nahi du mozkinen aurreikuspena are handiagoa izango dela”. Hori dela eta, Elkarrekin Podemos-IUren ekimenak “iraganeko esperientziatik ikastea eskatzen du”, gure herrialdeak “hipoteka ordaindu ezin duten familien etxegabetzeen uholde berri bat onartu” ezin duela sinetsita.

Horregatik guztiagatik, LBP honekin Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari honako hauek eskatzea nahi du:

– Ohiko etxebizitzetarako hipoteka guztien kuoten berrikuspena 2024ko urtarrilera arte etengo duen Errege Dekretu bat onartzea, hau da, ordura arte familia guztientzat izoztuta uztea ordaindu beharreko kuota diru-sarreren %30etik gorakoa denean.

– Berrikuspena bertan behera uztea eta banketxeen marjinen kostua ordaintzeko, erakunde horiek zor duten diruari inputatzea; izan ere, banku-erreskateak ia 96.000 milioi euroko kostua izan du 2020ra arte.

– Eta mozkinen murrizketa negoziatzea banketxeekin, 2023an hipoteken berrikuspena bertan behera utziz (hau da, beraien irabazien %50 inguru).

Era berean, planteatu du Ganbera horrek Eusko Jaurlaritzari eska diezaion, Kontsumobideren bidez, hipoteka-produktuei eta, oro har, etxebizitzari buruzko informazio-kanpainak areagotu ditzala, eta bitartekotza tresnak indartu ditzala, bizitoki-alternatibarik gabeko etxegabetzeak saihesteko.