BERRIA / ARGAZKI PRESS. Kaleratzeak Stop Gipuzkoak, IRPH Stop Gipuzkoak, Zero Pobreziak, Duintasunak, GEPEk eta Koordinadora Feministak antolatu zuten protesta, eta ELA, LAB, CCOO, CNT, ESK eta EILAS sindikatuek eta EH Bilduk, Ezker Anitzak, Podemoseko hainbat zirkuluk eta Equok babestu zuten. Besteak beste, Xabier Iturbe Kutxako presidentearen, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariaren eta Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroaren aurpegiak zituzten kartelak eraman zituzten eskuetan. Ibilbidean zehar ere hainbat kartel itsatsi zituzten BBVA, Santander, Kutxabank eta Laboral Kutxako bulegoetako ateetan, «krisi larri honen errudunak seinaleztatzeko».
Plataforma horien esanetan, borondate politikoa baldin badago egungo egoera konpon daiteke. Nelson Mandelaren esan bat ekarri zuten gogora: «Pobrezia ez da fenomeno natural bat: gizakiak eragiten du, eta haren eraginez gaindi edo deusezta daiteke».Hala, ondorengo eskaerak egin zituzten: bankuen esku dauden etxeak zigortzea eta etxebizitza sozial gisa ematera derrigortzea; arazotan daudenek etxea ordainetan emateko aukera izatea eta gero alokairu sozialean jarraitzea; IRPHarekin «lapurtutakoa» itzultzea; pobretutako familiei argindarra edo gasa ez moztea eta iruzur fiskala amaitzea. Horrez gain, Kutxabank ez pribatizatzea eta zerbitzu publikorik ez deuseztatzea ere galdegin zuten
Ezker Anitza IU Ezker Anitza IU