Zer moduz kargu berriarekin, zela hartu duzu?
Lan askorekin, esan ohi den moduan, apurka-apurka, lur hartzen. Alderdikideekin eta hiru lurraldeetako ordezkariekin batzartu, gainerako eragile sozial eta alderdi politikoetako ordezkariekin egon… Halakoetan dihardut orain. Oraindik ez dakit gure koalizioari eskainiko diodan eguneko ordu guztiak ala zela antolatuko dugun guztia. Begiratzen gabiltza. Izan ere, egoera ekonomikoa ere ez da egokiena eta legebiltzarkiderik ez daukagunez, areagotu egiten dira zailtasunak gurea bezalako erakunde txiki batean.
Ezker Anitzak beste aro bat ireki du azken hauteskundeetako porrotaren eta koordinatzaile berria aukeratzearekin batera?
Bai, hori hala da. Legebiltzarrean egoteak ematen zizkigun aukerak. Izan ere, guk bi alorretan egin izan dugu lan: batetik, kalean, jendearekin, hiritarrekin, manifestazioetan-eta. Eta, bestetik, arlo instituzionalean. Bi fronte osagarri dira. Aurrerantzean, ordea, azkeneko urteotako joera hautsiz, kalean bakarrik egingo dugu lan, salbuespenak salbuespen, hainbat udaletan ere badugulako ordezkaritzarik. Hortaz, Legebiltzarrean ez egoteak zailtasunak eragingo dizkigu, gure mezua hiritarrei zailago helduko zaie. Izan ere, ez dugu ahaztu behar, Legebiltzarra, bozgorailu izateaz gain, legeen sorleku ere bada. Gure mezuaz gain, beste gizarte eragileenak ere helarazteko aukera ematen zigun Legebiltzarrak eta, orain, ezingo dugu hori egin. Edozelan ere, are eta grinatsuago egingo dugu lan aurrerantzean. Bizitzarik bada Legebiltzarretik harago!
Zein da, une honetan, Ezker Anitzaren helburu garrantzitsuena, urgenteena?
Krisi ekonomiko honek behartsuenei edo premia handiena dutenei bakarri ez kolpatzeko borrokatuko dugu. Txarto pasatzen ari direnei laguntzea, hori da une honetan gure helburu nagusia. Eta, hori aurrera ateratzeko, kalean murgilduko gara gure siglen azpian edo bestelako eragile sozialekin batera. Esaterako, Stop Desahucios! plataformarekin aktiboki ari gara lanean. Bestetik, ez dugu ahaztu behar bi urte eta erdi barru, Udal eta Foru hauteskundeak izango direla eta lanean jarriko gara haietarako ondoen prestatzeko. Gaur egun ordezkaritza daukagu hiri edo herri handietan, Errenterian, Pasaian, Barakaldon…, baita Eskoriatzan ere, baina gehiagotan eta batzar nagusietan egotea lortzeko lanean jarriko gara.
Ezker Anitza eta Ezker Batua elkarrekin joan izan bazinete, 3 legebiltzarkide lortzeko moduan izango zinatekete. Egin duzue irakurketa hori?
Saiatu ginen Equorekin batera aurkezten, baina gure eskaintza ez zuten aintzat hartu. Egia da garrantzitsua dela batasuna, horrek gehitu egiten duelako, baina Ezker Batuarekin batera joan ala ez eztabaidatu genuenean, garrantzi handia eman genion etikari, zintzotasunari, gardentasunari. Guretako berba garrantzitsuak dira, ezinbestekoak. Bestetik, politikan, apustu egin dugu proiektu federal, kapitalismoaren kontrako eta errepublikarraren alde. Horretan, aldendu nahi izan gara Eusko Jaurlaritzan EAJrekin batera osatu genuen gobernuetatik. Abertzaletasun eskumakoarekin distantziak markatu nahi izan ditugu. Horregatik, iruditu zitzaigun Ezker Batuarekin batera aritzeak, batu beharrean, kendu egingo zigula.
Hainbat eragilerekin elkartu zarete oraingo astean, esaterako, EH Bildurekin. Zer moduz?
Batzarra EH Bildukoen eskariz egin dugu eta mahaiaren gainean ez da egon inolako proposamen estrategikorik. Harremanak bideratzeko batzartu gara, bereziki. Adostasunak ditugu ekonomia edo gizarte ereduari dagokionean, baita bakegintzari eta normaltasun politikoari dagokienean ere, erabakitze eskubidearen kontuan bat gatoz-eta. Hortik aurrera, ikusiko dugu zer ematen duen gure arteko harremanak.
Ezker Batuarekin?
Hautsita daude zuzendaritzen arteko harremanak, bereziki, Arabako eskandaluetan zerikusi zuzena izan zutenekiko. Oinarrietan, harremanak samurragoak dira.
Ezkerra ez duzue banatuegia ikusten?
Bai, hala da. Horrek ahuldu egiten gaitu. Askotan ez dugu eskuzabal jokatzen eta nabarmentzen ditugu ezberdintasunak eta hori ez da ona, bereziki, testuinguru eta koiuntura honetan, non kapitala, beste behin, modu basatian ari den jokatzen.
Ze balorazio egin duzue azken hauteskundeetako porrotarena?
Kanpo faktore batzuek kalte egin ziguten; esaterako, Hauteskunde Batzordeak hartutako erabakiak gu eztabaida politikoetatik eta hedabide publikoetako doaneko espazioetatik kanpo uzteko. Bestetik, egia da inkestek-eta beste emaitza batzuk aurreikusi zituztela, gero bete ez zirenak. Eta, azkenik, gogoratu nahi dut UPyD baino 10.000 boto gehiago lortu genituela, baina haiek ordezkaritza lortu zuten moduan, gu ezer barik geratu ginen, Hauteskunde Lege perbertso honen ondorioz. Kalte handia egiten digu indarrean dagien lege honek.
Izquierda Unidak gora egin du Espainian, Iniciativak ere bai Katalunian. Hemen, ordea, behera egin duzue. Zuen espazioa beste batzuek ez dute okupatzen?
Ordezkatu nahi dugun horrek badu tokia Euskadin. Esan duda moduan, kapitalismoaren aurkako ezker federalista eta errepublikaren aldekoa ordezkatu nahi dugu eta, horrek, badu tokia hemen eta orain. Gainera, hori ez du beste inork ordezkatzen, ezta Alternatibak ere. Gure helburua da espazio hori geureganatzea eta bere ahotsa izan dezala Eusko Legebiltzarrean
Alderdi Komunistak pisu edo eragin handiagoa du orain Ezker Anitzan?
Ez, lehen zuena bestekoa du. Egia da ni EPKoa naizela eta Mikel Arana, esaterako, ez zela. Baina pertsona egokiaren bila joan gara, eta ez hark edo bestek ordezkatzen duen sentsibilitatearen bila.