Ezker Anitza-Izquierda Unida aspaldidanik ari da eskatzen Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Itun bat; ez, ordea, onartu berri dena bezalakoa, itxurakeria hutsa dena; aurreko araudietan eta indarrean daudenetan jada jasotako neurriak barne hartu ditu, baina ez da zehaztu eperik, ez aurrekonturik, ez horiek zertara bideratuko diren. Ez da bermatu neurriok ezarriko direnik eta, jakina, oraingoan ere ez du aintzat hartu indarkeria jasan duten emakumeen bikotekide inoiz izan ez direnek baliatutako indarkeria motetatik bat ere.
Genero indarkeria emakumeen giza eskubideen urraketa larria da, gizarte egitura guztietan gertatzen dena. Indarkeria matxista ez da desagerraraziko behin-behineko neurrien bidez, bikote edo bikote ohien harremanen eremuko indarkeriara mugatuta, baizik eta oraindik ere gizartean nagusi diren egitura patriarkalei era integralean aurre eginda.
Horretarako, prebentzio-, sentsibilizazio- eta detekzio-politikak behar dira, emakumeen aurkako indarkeria modu integralean kontuan hartuko dutenak, indarkeriaren sorburuari erreparatuko diotenak eta indarkeria matxistaren adierazpideak hautemateko gai izango direnak.
Indarkeria matxista, ehunka emakumeren hilketen eragile, indarkeriaren adierazpide agerikoena da. Hori horrela, argi eta garbi diogu erantzukizuna gizarte osoarena dela, eta, batez ere, indarkeria patriarkalari bere alderdi guztietan aurre egin ezean, hilketa gehiago gertatuko direla. Kontziente izan behar dugu honen guztiaren zergatiaz; indarkeria patriarkala gizarte osora hedatuta dago, eta berehala geldiarazi behar ditugu indarkeria horren adierazpide guztiak.
Ezin dugu onartu XXI. mendean gizonen kontsumo sexualerako trafikatzen diren esklaboak existitzea. Prostituzioa indarkeria matxista legitimatzeko modu bat da; gizonezkoek emakumeen eta neskatoen gorputzen erabilera alokatzen dute prezio baten truke, eta horrela, emakumea erabil eta eros daitekeen mendeko izakia den ustea legitimatzen da.
Emakumeen eta gizonen artean balio berdineko lanetan existitzen den soldata-desberdintasuna erabiltzen du Estatu zapaltzaileak, oraindik ere bigarren mailako hiritar garela adierazteko, baina baita lanera gaitezen eragozteko ere, gure autonomia ekonomikoa baldintzatzen baitu, azpiratuta iraunaraziz.
Sexu erasoak gero eta gehiago dira, eta hori gehiegi ez balitz, gainera, orain, banakoen egintza kriminalak beharrean talde-ekintza dira; festak eta bestelako ekitaldi masiboak horren adibide.
Emakumeen sabelak, hain zuzen ere, emakume pobreen sabelak alokatzeko eskariaren gorakada nabarmenak, esanahi klasista eta xenofobo nabaria izateaz gain, argi erakusten digu patriarkatuak, geroz eta eskrupulu gutxiagorekin, gure gorputzen salerosketa legezkotu nahi duela, premia-egoera baliatuz eta desparekotasunaren aitzakian.
Indarkeria Matxistaren aurkako Lege bat behar dugu, indarkeria patriarkalaren aurkakoa, ez dena etxeko esparruko genero indarkeriara eta noizbehinka esparru publikoan egindako delitu sexualetara mugatuko, baizik eta patriarkatuaren, matxismoaren, sexismoaren eta misoginiaren adierazpide, tamalez, ia zigorgabeei ausardiaz aurre egingo diena.
Politika transbertsalak, irmotasuna eta erabaki politikoak behar ditugu baliabide ekonomiko eta giza baliabide gehiago bideratu ahal izateko berdintasun-politika aktibo, integral eta parte-hartzaileetara.
INDARKERIA PATRIARKALAREN AURREAN: BERDINTASUN ERRADIKALA