Elkarrekin Podemosek indarkeria matxisten egoerak salatzeko aukera emango duen aplikazio mugikor bat garatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Baliabide horrek, biktimari arreta eskaintzeko eta erasotzailea atxilotzeko esku-hartze protokoloak arintasun eta efikazia handiagoarekin aktibatzen lagunduko luke. Eskaera hori egin da legebiltzar-taldea oso kezkatuta dagoelako bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako genero-indarkeriagatiko edota ezezagunek eragindako indarkeriagatiko salaketen kopurua, adibidez herrietako festetan gertatzen diren eraso sexualen kasuan, handitu egin delako. Botere judizialaren, Ertzaintzaren eta Fiskaltzaren datuek errealitate hori berresten dute, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Eukene Aranak dioen bezala, eta zera gaineratzen du: “kopurua handitu da kontzientzia sozial handiagoa dagoelako eta gero eta argiago dugulako «ez beti dela ez»; kasu honetan, salaketa kopuruaren igoerarekin pozik gaude”. Hala eta guztiz ere, Aranak gogorarazi du euskal erakundeek prest egon behar dutela, “ez soilik sentsibilizatu eta kontzientziatzeko, baizik eta erantzun egokia emateko ere bai”. Gauzak horrela, Elkarrekin Podemosek legez besteko proposamen bat erregistratu du Eusko Jaurlaritzak “egitura-arazo horren aurrean tresna eta teknologia berriak” gaineratzeko. Aranak erreklamazioa zehaztu du: “eskatzen dugu tresna berriak eta kanal berriak ezar daitezela, edozein indarkeria-egoeratan dauden emakumeak, baita delitu horien lekuko diren herritarrak ere, dagokion udalerriko komisariarekin zuzenean konektatu ahal izan daitezen, esku-hartzerako denbora murrizteko”. Proposamenean taldeak zera argudiatzen du: “teknologia mugikorra erabili nahi da irtenbide bizkor eta eraginkorrak eskura izan ditzagun, prebenitzeko, lehen une batean, eta erasotzailearen atzetik joan eta atxilotzeko, ondoren”. Aplikazio horretan sartutako alarma sakatuta, pertsona erabiltzailea sistema erabili duen unean zehazki non zegoen jaulkiko du automatikoki, ahal bezain laster arreta eskaini ahal izateko. Gainera, app horrek mugikorraren argazki-kamerarako zuzeneko sarbide bat gaineratu ahal izango luke, erasotzaileari argazkia ateratzeko eta grabatzeko eta, horrela, ondoren haren identifikazioa errazteko. Elkarrekin Podemoseko ordezkariaren ustez, “Eusko Jaurlaritzak ezaugarri horiek dituen aplikazio bat garatzea urrats handia izango litzateke Euskal Autonomia Erkidego osoa beharrezko esku-hartzerako protokoloa aktibatuko zukeen tresna estandarizatu eta homologatu batekin hornitzeko”. Tenerifen, Iruñean eta Durangon antzeko ekimenak abiarazi dituzte herriko festetan. Era berean, Bilbon alderdi politiko guztiek udal-mailan antzeko funtzioak eta prestazioak dituen aplikazio baten sorkuntza onartu dute, eta Ahal Duguk, Ezker Anitza-IUk eta Equok osatzen duten taldeak eskatzen duen moduan, Eusko Jaurlaritzak Euskadi osora zabaldu behar du.