Elkarrekin Podemos: “Familiaren aldeko Ituna asmo onen adierazpen soila da, ez du edukirik”

Elkarrekin Podemosetik, Tinixara Guanche legebiltzarkideak adierazi du Familiaren eta Haurren aldeko Ituna “azalpen abstraktu eta osatugabea” dela, zeren eta “konpromiso instituzionala motz geratzen baita ez bada zehazten nola inplementatuko liratekeen proposamenak, erakundeen artean erantzukizun-banaketa zein izango litzatekeen edota zer aurrekonturekin finantzatuko litzatekeen”. Guanchek gaineratu du testuak neurri zehatz bakarra biltzen duela: “bigarren seme-alabarentzako diru-laguntza, baina neska-mutilen eta nerabeen ongizate gorenaren printzipioa alde batera uzten da”. Ahal Duguk, Ezker Anitza-IUk eta Equok osatutako legebiltzar-taldeko ordezkariaren ustez, “ezin da hitz egin jaiotza-tasa handitzeko proposamenei buruz, ez bada gazteei epe labur edo ertainean familia bat osatzeko egoera planifikatzea ahalbidetuko dieten etorkizunerako benetako aukerak emateko apustu argi bat egiten”. Ildo horretan, Guanchek honako hau adierazi du: “hori lortzeko gauzarik funtsezkoena zera da, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa izatea; etxebizitza eskuragarria lortzea eskubide bat izatea eta ez negozio bat, eta emantzipatzeko aukera errealitate bat izatea eta ez oztopo-gymkhana bat”. Era berean, Guanchek adierazi du tamalez lana eta familia bateragarri egitea ez dela kontuan hartzen “egitura-elementu gisa, familia bat osatzeko garaian funtsezkoa baita”. Legebiltzarkideak dioenez “saihestu” egin den beste errealitate bat pobrezia eta desparekotasun soziala dira, “prekarizazio-egoera finkatu batean, bereziki pertsonarik pobreena, eta zehazki seme-alabak aurrerantz beraiek bakarrik ateratzen dituzten emakumeena”. Horregatik, Elkarrekin Podemosen kezkatuta ikusten dute benetako betebehar bat, haurren babesa, “asmo onen adierazpen soil batean gauzatzea, zalaparta handiz aurkeztuz eta emakumerik gabeko argazki batean betikotuz”. Guancheren ustez onartezina da itunaren aurkezpenaren irudi “erabat maskulinizatua”, biztanleen % 50a kanpo uzten duena.