Irabazik eta Podemosek positibotzat jo dute, Barakaldo eta La Arenako hondartza lotzeko 3339 Cruces/Gurutzeta-Barakaldo-La Arena (autopistatik) Bizkaibuseko linearen ezarpena uztailean eta abuztuan. Saiakera hori Irabazi Barakaldok 2016an egindako erregu baten ondorioa da, urte berean Ahal Duguk Bizkaiko Batzar Nagusietara eraman zuena, hain zuzen. Autobus lineak Barakaldo eta Muskizeko hondartza lotzen du 20 minututan; 3338 lineak ere Meatzaldeko udalerriak konektatzen ditu baina horrek, berriz, ordubeteko ibilbidea du.
3339 linea berrezartzea “barakaldarrentzako hobekuntza argia” izan dela uste du Ezker Anitza-IU, EQUO-Berdeak eta Indepenteez osatutako koalizioak, baita alderdi moreak ere. Izan ere, orain dela urtebete Irabazi Barakaldok eramandako proposamena aho batez onartu zuen udalbatzak eta, aldi berean, Bizkaiko Batzar Nagusietan, Ahal Duguk zerbitzua martxan jartzeko hamaika ahalegin egin zituen.
Azkenik Garraio diputatuak, Vicente Reyesek, atzera egin zuen uda honetan eta Foru Aldundiak autobusa martxan jarri zuen uztailean eta abuztuan; “udan zerbitzu finkoa izatea nahi dugu, interes elektoraletik at”, adierazi du Eder Alvarezek, Irabaziko bozeramaileak.
Alvarezen esanetan, linea hori kotxe pribaturik ez duten barakaldarrentzako zerbitzua da, hondartzara era azkar eta erosoan heltzeko; horrez gain, ibilgailu ugari atera ditu errepideetatik. “Barakaldoko bizilagun askok kotxea garajean utzi dute hondartzara garraio publikoan joateko, hori ere beste helburuetako bat da”, gaineratu du. Hala ere, bozeramaileak uste du linea mantendu behar dela bainu denboraldi osoan, ez bakarrik uztailean eta abuztuan. “Erabiltzaile askok ezinegona adierazi digute autobusa abuztuaren 31n kendu dutelako”, adierazi du, “batez ere, irailean izan dugun eguraldi ona ikusita”.
Nuria Atienza Podemoseko ahaldunak aditzera eman du Bizaiko Batzar Nagusietan legez besteko proposamena aurkeztuko duela linea bermatzeko eta Bizkaibuseko langileek salatutako arazoak konpontzeko. “Erraz zuzendu daitezke plangintza ona egiten baldin bada”, esan du, “hobekuntza argi baten aurrean gaude, bai 100.000 barakaldarrentzat, baita Ezkerralde eta Meatzalde osorako ere”.