Ezker Anitza-IUk primarioak abian jarri ditu Ahal Dugu eta EQUO alderdiekin konfluentzia osatzeko, udal eta foru hauteskundeei begira

Ezker Anitza-IUk Euskadiko Koordinakundearen bilera egin du larunbat honetan; bertan, hasiera eman dio primarioen prozesuari datozen Udal eta Foru hauteskundeei begira, Ahal Dugu eta EQUO-Berdeak alderdiekin aurkeztuko dituen hautagai-zerrendak osatzeko. “Gaur ilusiozko prozesu berria hasiko dugu, erronka berriekin, azkeneko urteetan bi alderdiekin hainbat udalerrietan egindako lanaren emaitza ona oinarri izanik”, esan du Ezker Anitza-IUko Koordinatzaile Orokorrak, Isabel Saludek. “Legebiltzarrekoa izan da azkenengo esperientzia eta oso emaitza positiboak eragin ditu”, gaineratu du.

Adierazi du Iñigo Martinezek, Antolakuntza Idazkariak, alderdiak “ezkerreko euskal espazioa egonkortzeko bidea hasi duela, sentsibilitate anitzak batzen dituena, erakundeak langileen zerbitzura jartzeko eta ez eliteen mesedeetara”.

PATRONALAREN LEHENDAKARIA

Legebiltzarreko Politika Orokorreko Bilkuran esandakoaren harira, zera aipatu du Saludek: “Urkullu patronalaren lehendakaria da eta alegiazko Euskadi bat irudikatu du. Saluden aburuz, “euskal herritarrok enplegu ezegonkor eta gaizki ordainduak ditugu, emakume eta gizonen arteko soldata arrakala nabaria da, lan istripuetan hildako langileen kopurua nabari igo da, familiek zailtasun ekonomiko handiak dituzte eta alokairuak zein etxebizitzak oso garestiak dira”.

Ezker Anitza-IUko Koordinatzaileak EAJ-PSEko gobernuari eskatu dio fiskalitatea eta autogobernua bezalako erreminta indartsuak erabiltzeko, langileriaren bizi baldintzak hobetzeko eta ez elite enpresarial eta ekonomikoen mesedeetarako.

Azkenik, Martinezek gogorarazi du Ezker Anitza-IUko proposamena dela Errepublika Federalaren eredua, nazioaniztasunari bere lekua ematen diona eta aberastasunaren bidezko banaketaren bitartez herritarren arazoei erantzuten diona.