Ezker Anitza-IUk pentsio duinen aldeko Donostiako manifestazioan parte hartuko du

Ezker Anitza-IUk parte hartuko du datorren larunbatean Donostian egingo den pentsio duinen aldeko manifestaldian, Alderdi Ederreko lorategietatik 17:30etan abiatuko dena.

Ezker Anitza-IUko Gipuzkoako koordinatzaileak, Arantza Gonzalezek, “egoera larrian gaudela” adierazi du, “konpondu beharrekoa eta nagusiei ez ezik, langileei, langabetuei eta gazteei ere eragiten diena”.

Gainera, Gonzalezek gogorarazi du emakumeen “desparekotasun egoera estrukturala”. Langile bizitzan izandako soldata arrakalak euren pentsioetan ondorioak ditu, “horrek ere adierazten du pobreziak emakume aurpegia duela, bizitzako edozein adinetan”.

Horrexegatik beragatik, “kaleak betetzea” beharrezkoa dela gaineratu du Jon Hernandezek. Ezker Anitza-IUko legebiltzarkidea eta Elkarrekin Podemoseko ondoko bozeramaileak esan du “pentsioen sistema publikoa bermatzea beharrezkoa dela, egungo eta etorkizuneko pentsionisten pentsio duinak bermatzeko”.

Bai Gonzalezek bai Hernandezek biharko manifestaldian parte hartuko dutela iragarri dute.