UdalBerri – Bilbao en Común taldeak eskatzen du epe laburrera begira dagoen eta elektoralista den aurrekontu-proiektua itzultzea. Ahal Dugu, Ezker Anitza – IU eta Equo Berdeak taldeek osatutako koalizioaren ustez zerbait gaizki egiten ari dira udal-kontuak 2015az geroztik handituz joan arren langabezia, pobrezia eta gizarte-bazterkeriako egoerek bere horretan jarraitzen badute. UdalBerriko zinegotzi Amaia Arenalek adierazi du ez duela ezertarako balio agintaldia zor txikiarekin ixteak aldi berean bilbotar asko eraginpean hartzen dituzten arazo estruktural larriek bere horretan jarraitzen badute. “Auzia ez da gehiago gastatzea baizik eta hobeto inbertitzea, gure gizarte-kohesioa erasotzen duten desparekotasun-aldeak murriztu ahal izateko”.
Udalaren diru-bilketaren eta diru-sarreren maila kontuan izanik, koalizioak eskatzen du herritarren patrikatik ateratzen den dirua defizit publikoa murrizteko erabiltzeaz gain Bilbo azken krisialditik jasaten ari den defizit soziala desagerrarazteko ere erabiltzea.
Desparekotasunak auzoen artean
Abandon bizi den pertsona baten eta Peñaskaleko beste baten batez besteko errentaren arteko aldea handitu egin da azken urteetan, eta 24.604 eurora iritsi da. Auzoen artean dauden desparekotasunak azaltzen dituen adibide ugarietako bat besterik ez da hori. Alde hori laburtzen hasteko, koalizioaren ustez beharrezkoa da plan espezifikoak egitea Zorrotza, Iralabarri, Peñaskal, Altamira, Masustegi, Otxarkoaga, Errekalde, Uretamendi, Buia, Sarrikue-Arabella eta Arangoitirako. “Ez du ezertarako balio aurrekontuak handitzeak, ikus dezakegun bezala erdialdearen eta kanpoaldearen arteko desparekotasunek ere handitzen jarraitzen badute. Horregatik, premiarik larriena duten auzoetan inbertitzea funtsezkoa da”.
Bilbok kalitatezko enplegua sustatzeko neurriak hartu behar ditu
Enpleguari dagokionez, UdalBerrik uste du kontuetan adierazitako partidak erabat eskasak direla. “Ezin dira ahaztu gure hirian lanik gabe bizirauten saiatzen diren 24.839 pertsona”, adierazi du Arenalek, eta azaldu du bere taldeak hainbat zuzenketa aurkeztu dituela, gizarte-errealitatera eta langabezia gehien jasaten ari diren kolektiboetara egokitzen diren enplegu-plan ugari bilduz.
Berdintasuna eta genero-ikuspegia
UdalBerriren ustez, kontu horiek ez dituzte behar bezala biltzen gizonen eta emakumeen arteko desparekotasunaren aurka edota hain kezkagarriak diren indarkeria matxisten aurka borrokatzeko beharrezkoak diren ekintzak. “Aurten Bilbon emakumeen aurkako 81 delitu kontabilizatu dira dagoeneko, eta hori indarkeria gehiegi da modu askoz zorrotzagoan ez jarduteko, baita aurrekontuetatik ere”.
Hiri-segurtasuna
Bilbon dauden segurtasun-arazoak konpontzeko inplementatu behar diren formulei dagokienez, UdalBerriren ustez kontuak kontinuistak dira. “Arlo horretako partida polizien kontratazio berrietarako bakarrik handitzen da, eta ez du euro bakar bat uzten guretzat funtsezkoa den gai baterako: gure hiri-segurtasuneko eredurantz bideratu ahal izatea delitugintzaren prebentzioa hobetzeko”.
Jasangarritasuna
UdalBerrik kritikatzen du aurrekontu hauetan klima-aldaketak edo ingurumenaren zaintzak lehentasunezkoak izan gabe jarraitzen dutela. “Hainbat zuzenketa aurkeztu ditugu, eraikinen ingurumen-jasangarritasunean, autonomia energetikoan, uraren kontsumo arrazionalean, hondakinen kontrolean edota energia berriztagarrietan inbertsio handiagoa egiteko”.
Aurrekontu partizipatiboen aldeko benetako apustua
Aurten ere, koalizioak salatzen du aurrekontu partizipatibo deitutakoak ez direla batere partizipatiboak: “Aurrekontuaren % 0,36 bideratzen da herritarren proposamenak inplementatzera. Horrek esan nahi du 11 ekimen bakarrik onartu direla, eta herritarrek bidalitako beste 335 ekimen nekez justifikatu daitekeen moduan baztertuta utzi direla. Hori al da Aburtoren gobernuak parte-hartzea ulertzeko modua?