Elkarrekin Podemosek eskatu du zein txosten teknikorekin itxi duen Hezkuntza Sailak Barakaldoko Trueba Institutua

Elkarrekin Podemosek urriaren 5ean eskatu zion txostena Hezkuntza Sailari, informazioa jasotzeko Barakaldoko Trueba Institutuaren egoerari eta egin beharreko obrei buruz; izan ere, ezkerreko euskal koalizioak prentsaren bidez jakin zuen ekainaren 6an Trueba hobetzeko eta zabaltzeko obrak eten zituztela hutsegite larriak zeudelako zimenduetan.

Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Iñigo Martínez Zatónen ustez, ezagutarazi beharra dago zer dela-eta itxi duten hain agudo ikastetxea, guraso elkartea kezkatua baitago —izan ere, hamar urtean jardun dira eskatzen hobetzeko eta zabaltzeko lan horiek— eta halaber Barakaldoko hezkuntza komunitatea.

«Gertaera larri horrek erakusten du jakinarazi beharra dagoela nola dauden EAEko ikastetxeetako azpiegiturak», esan du Martínez Zatónek, eta gogorarazi du Eusko Legebiltzarrak dagoeneko onartua duela Elkarrekin Podemosen ekimen bat Gobernuari eskatzeko premiaz egin dezala azpiegituren planaren ebaluazio bat —2018 amaieran bukatuko baita plan hori — eta berma dezala hori egiteko besteko diru saila aurrekontuetan.

Azkenik, Martínez Zatónek esan du Elkarrekin Podemosek segimendua egingo diela gertaeroi, ziurtatzeko ikasleen heziketa behar bezala gauzatzen dela, izan ere, Hezkuntza Sailaren kudeaketa txarra eta planifikaziorik eza ari dira pairatzen.