Donostia, 2121eko urtarrilaren 19a
Elkarrekin Podemos-IUk osoko zuzenketa aurkeztuko dio 2021eko euskal aurrekontuen proiektuari, EAJren eta PSEren Gobernuak uko egin baitio negoziazioan talde honen ustez beharrezkoa den eredu-aldaketan aurrera egiteko funtsezko edozein planteamendu politikori ekiteari, krisi larritik ateratzeko eta etorkizunean zailtasun berriei aurre egiteko bermeak eskaintzeko.
Elkarrekin Podemos-IUk bere gain hartu zuen Euskadin bizi den salbuespenezko egoeraren erantzukizuna, eta, horregatik, hasieratik agertu zuen prest zegoela Jaurlaritzarekin aurrekontu-akordio batera iristeko, marra gorririk ezarri gabe, pandemiak oraindik ere eragiten dituen osasun, ekonomia eta gizarte arloko ondorio larriak arintzeko. Baina Eusko Jaurlaritzak ez du gure proposamenaren eduki politikoan sartu nahi izan, eta zenbait partida lauki batetik bestera mugitzera mugatu da, osasun, hezkuntza edo gizarte- babesaren arloan zerbitzu publikoak indartzeko konpromisoa alde batera utzita.
Podemos Ahal Duguko koordinatzaile nagusiak, Pilar Garridok, deitoratu duenez, «Eusko Jaurlaritzak ez ditu funtsezkotzat jotzen ditugun zenbait gai jorratu nahi izan, are gehiago EAJk eta PSEk ezarritako ereduaren egiturazko arazoak kontuan hartuta». Ohartarazi duenez, pandemiak agerian utzi du Euskadiko osasun publikoaren sistema prekarioa eta mugatua. Sistema horretan, gainera, onura ekonomikoa adinekoen ongizatearen, osasunaren eta bizi-kalitatearen aurretik jartzen duen bizitegi-eredu bat dago, eta gizarte-babeseko sistemaren gabeziak erakutsi ditu, egoera ahulean dauden herritarrak babesteko. Era berean, krisiak agerian utzi du trantsizio ekologikoari ekitearen garrantzia, eta Eusko Jaurlaritzak ez du horri buruzko gutxieneko konpromisorik hartu.
Nolanahi ere, egoera berezia dela eta, Pilar Garridok ziurtatu du Elkarrekin Podemos-IU alderdiak hitz egiten eta zintzotasunez lan egiten jarraituko duela esparru guztietan, eredu-aldaketarantz aurrera egitea ahalbidetuko duten eta herritarren onerako izango diren adostasunak lortzen saiatzeko. «Pandemia garai honek adostasunari ahalik eta oinarri sendoena ematea eskatzen digu; izan ere, herritarrek eskatzen dute alderdi ezberdinek akordio zabalak lortzea, konponbide eraginkorrak eskaintzeko. Beharrezkoa da izaera politikoko konpromisoak hartzea, krisialditik irten ahal izateko, gehiengo sozialaren interesak beste gai batzuen aurretik jarriz «, gaineratu du.
Bestalde, Isabel Salud Ezker Anitza-IUko koordinatzaile nagusiak adierazi duenez, osoko zuzenketa EAJk aurkeztutako aurrekontuekin bat ez etortzeagatik aurkeztu dute. Izan ere, ez du aurrerapeneko, birbanaketako eta justizia sozialeko politiketaranzko aldaketarik onartu. Koalizioaren proposamena ez da aurrekontu-partidak hobetzera mugatu; Eusko Jaurlaritzak bere osotasunean baztertu dituen neurri politiko garrantzitsuak barnean hartzen zituen, hala nola banku publiko bat martxan jartzea, zaintza-sistema publiko bat, energia-enpresa publiko bat sortzea, pribatizatutako edo kanporatutako zerbitzu publikoak osasun arloan itzultzea eta zerbitzuen prezioak murriztea.
Saludek adierazi duenez, osoko zuzenketak EAJren politika ekonomiko eta sozialen ideia kontserbadorea salatzen du, ez baitu inola ere aldatu nahi. Zerga-erreforma egiteari uko egin izana da bere politika bidegabeen erakusgarri nagusia, herri-klaseen kalterako baliabide gehien dituzten euskal herritarrei mesede egiten baitie. Hala, alderdi ezkertiarraren koordinatzaileak esan du fiskalitatea dela edozein gizarteren politika ekonomikoen oinarria. Hori dela eta, mezu argia bidali dio lehendakariari: «Gehien duten pertsona eta enpresetatik diru gehiago bildu eta justizia sozialarekin banatu, euskal herritar bakar bat ere ez dadin bidean geratu».
Ezker Anitza IU Ezker Anitza IU