Aparteko orduak ezabatzeko eta enplegua sortzeko mozioa aurkeztu du Elkarrekin Podemos-IUk
Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 26a
Euskadin urtean sei milioi aparteko ordu baino gehiago egiten dira. Horiei gehitu behar zaie inkesten eta azterlanen bidez aitortu ez diren edo hauteman ez diren aparteko ordu kopuru zehaztugabe bat. Zati handi bat legez kanpokoak dira, ez baitaude Langileen Estatutuak hori egiteko jasotzen dituen kasuen barruan, eta zati handi bat ez dute enpresek ordaintzen.
Hala ere, EAEn 100.000 langabe baino gehiago daude, Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera. Jon Hernandez legebiltzarkideak azaldu duenaren arabera, “gaur egun egiten diren aparteko ordu ordainduen kopuruarekin bakarrik sor litezke 5.000 lanpostu baino gehiago”.
Horregatik, Elkarrekin Podemos-IUk mozio bat aurkeztuko du datorren asteazkeneko osoko bilkuran, aparteko orduak kentzeari eta enplegu berriak sortzeari buruzkoa.
Koalizioaren arabera, “EAEko enpresetan egindako aparteko orduen kopuruaren murrizketa bide positiboa eta beharrezkoa da enplegua sortzeko, lan-baldintzen kalitatea hobetzeko, soldata-arrakala murrizteko, eta zainketen kontziliazioa eta erantzunkidetasuna ahalbidetzeko”.
Horregatik, Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio berma dezala aitortu gabeko eta borondatezkoak ez diren aparteko orduak desagertuko direla, eta “ enpresek aparteko orduak erabiltzea galarazten duten politikak aplika ditzala, kontratazio berriekin bete behar diren egiturazko orduak betetzeko”.
Era berean, koalizioak funtsezkotzat jotzen du “Eusko Jaurlaritzaren mendeko administrazio eta sozietateen kontratu publikoak gauzatzeko baldintza objektiboetan honako hauek sartzea: enpresa kontratistek eguneko lanaldiaren erregistro bat izateko betebeharra betetzeko bermeak, aparteko orduak eta lanaldiei eta lanorduen kopuruari legez ezarritako mugak zehaztuta”

Ezker Anitza IU Ezker Anitza IU