Eduardo Aguinaco Nekazaritzako foru diputatuari eta Asunción Quintana zuzendariari behin baino gehiagotan jakinarazi zitzaien ehizaren inguruko arau-hausteak preskribitzeko arriskua
José Damián García-Moreno: “Lagunkeria politikari jarraiki, nahita saihestu da ehizaren inguruko zehapen espedienteak izapidetzea. Oso larria den egoera baten aurrean gaude, eta hori dela eta, Aguinaco eta Quintana berehala kargutik kentzeko eskatzen diogu Ramiro Gonzalezi”
Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailaren 21a
Eduardo Aguinaco Nekazaritzako foru diputatua eta María Asunción Quintana departamentu horretako zuzendaria berehala kargutik kentzea eskatu du Elkarrekin Podemos-IUk gaur prentsaurreko batean, ehizarako uxaldiak baimentzeko orduan “irregulartasunak” izan direlako eta Mendixurreko ehiza uxaldian, Euskal Autonomia Erkidegoko Ehiza Legearen aurka, gutxienez, zortzi arau-hauste “nahita” preskribatzen utzi direlako.
Ramiro González Arabako Ahaldun Nagusiari eskakizun hori egiteko, Elkarrekin Podemos-IUko batzarkide-taldeak ikerketa parlamentarioa egin du, eta ondorioztatu du nahita preskribatzen utzi direla, gutxienez, zortzi arau-hauste Euskal Autonomia Erkidegoko Ehiza Legearen aurka; ustez, 2019ko abenduaren 14an Maturanako barrutian eta Mendixurreko Ullibarri Ganboa urtegiko inguruan egindako ehiza uxaldian. Baimendutako uxaldia Maturanako barrutian eta Mendixur urtegiko eremu babestuan egin zen, eta Ingurumen eta Hirigintza Sailak baimendu zuen.
“Hain zuzen ere, babestutako eremuan eta adituen txostenik gabe, baimena oso eztabaidagarria zela salatu dute fiskaltzaren aurrean basozainak (uxaldi horretan hainbat arau-hauste salatu zituen) eta Ekologistak Martxan entitateak. Elkarrekin Podemos-IUk ere duela hilabete batzuetatik hona salatu eta azalpenak eskatu ditu Batzar Nagusietan”, adierazi du José Damián García-Moreno batzarkide taldeko prokuradoreak.
Testuinguru horretan, eta batzarkide taldeak egindako presioari esker, zehapen-espediente bat egin da Ingurumen eta Hirigintzako Foru Departamentuaren aldetik. Espediente horren bidez, 6.010,13 euroko isuna jarri zaio uxaldia eskatu duen Maturalde Kirol Ehiza Klubari eta klub horretako hiru arduraduni, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko Legea hausteagatik.
Nahita eragindako geldotasuna
Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko Estatuko Legearen aurkako arau-hausteez gain, Ehizari buruzko EAEko Legearen aurkako arau-hausteak ere egin ahal izan ziren, basozain batek dioenez. Basozainak gertakariei erreparatu eta autonomia-erkidegoko arauaren aurkako balizko zortzi arau-hauste salatu zituen. Lehenengo kasuan, Ingurumen eta Hirigintza Sailak izapidetu beharko zituzkeen arau-hauste horiek, eta bigarrenean, berriz, Nekazaritza Sailak.
Joan den udazkenean ingurumeneko zehapen-espedientea aktibatu ondoren, Asun Quintana Nekazaritzako foru zuzendariaren eta Natividad López de Munain Ingurumen eta Hirigintzako arduradunaren arteko eztabaida ekarri du egoerak. Quintanak López de Munaini 2022ko azaroaren 16an bidalitako ofizio batean adierazi zuen ez zuela jaso 2020ko martxoaren 9ko idazkia, ezta harekin batera zihoan dokumentazioa ere.
Hala ere, salaketa jarri zuen basozainak Quintanari eta Eduardo Aguinaco Nekazaritzako foru diputatuari behin baino gehiagotan jakinarazi zien ehizaren inguruko arau-hausteak egin zituztela eta arau-hauste horiek preskribatzeko arriskua zegoela.
Errealitatea da, 2022ko abenduaren 7ra arte nekazaritza sailak ez duela eskatu Mendixurreko uxaldiaren espedientearen kopia. Horrek ehiza-arloko zehapenak preskribatzea ekar zezakeen, abenduaren 14an ustez arau-hausteak egin zirenetik hiru urte igarotzeagatik. Bestalde, Elkarrekin Podemos-IUk gai horri buruzko galderak erregistratu ditu martxoaren 1eko kontrolerako osoko bilkurarako.
José Damián García-Moreno Elkarrekin Podemos-IUko prokuradoreak oso larritzat jo ditu gertakari horiek. “Lagunkeria politikari jarraiki, nahita saihestu da ehizaren ingururuko zehapen-espedienteak izapidetzea. Oso larria den egoera baten aurrean gaude, eta hori dela eta, Aguinaco eta Quintana berehala kargutik kentzeko eskatzen diogu Ramiro Gonzalezi”, hitzekin amaitu du esku-hartzea.
Ezker Anitza IU Ezker Anitza IU