Batzarkide taldeak agiri bat aurkeztu du, Arabako Foru Aldundira aurrekontu proiektua aurkeztu aurretik igorri dutena, 21’4 milioi euroko balioa jasotzen duena
Proposamenen artean dago sindikatuen eta patronalaren artean bitartekari aritzea egoitza pribatuen gaineko hitzarmena lantzeko, alokairuko etxebizitzak prezio merkean bultzatzea eta euskaltegietan izena emateko laguntzak indartzea
Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 14a, asteartea. Elkarrekin Araba batzarkide taldeak gaur aurkeztu ditu aurrekontu akordiorako Arabako Foru Aldundira aurkeztu zituen planteamenduak, 21’4 milioi eurorenak, kontuak aurkeztu aurrekoak, eta penaz daude ezin izan direlako gauzatu denbora faltagatik, baina diotenez eskua «oraindik luzatua» dute. 11 puntu nabarmendu dituzte; besteak beste, fortuna handien gaineko zerga berdintzea araubide arruntera, etxeko zaintzaileen laguntzak handitzea eta garraio publikoaren deskontuari eustea.
Podemos, Ezker Anitza-IU, Berdeak Equo eta Alianza Verde koalizioak Arabako Foru Aldundiaren aurrekontuak iritsi aurreko planteamenduak aurkeztu ditu, 21’4 milioi eurorenak, eta 11 nabarmendu dituzte, hala nola fortuna handien zerga araubide arruntera berdintzea, etxeko zaintzaileen laguntzak handitzea eta garraio publikoaren deskontuari eustea. Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak dioenez, prestasun osoa izan dute, baina bermeak falta dira, hala nola «denbora, epeak eta zenbateko ekonomikoak»; dena dela, ziurtatu du aurrekontuak izapidetzeko aldi berria zabaltzen dela eta esan du proposamenok izango direla euren lan ildoak. «Gure eskua luzatuta dago oraindik, eta Arabako Foru Aldundiak badaki zein
diren gure planteamenduak, hitzarmenerako ezinbestekoak direnak, norantz egingo duten gure zuzenketek eta zein izango diren landuko ditugun puntuak, herritarrek agindu dizkigutenak», zehaztu du.
Rodriguezek gaineratu du funtsezkoa dela aurrekontuez hitz egitea, diru bilketaz hitz egitea eta foru aldundia nola finantzatzen den berrikustea. Alde horretatik, fortuna handien gaineko zerga araubide arruntekoarekin berdintzea proposatu du, zerga bilketa «gizartea eraldatzeko tresna» izan dadin eta «gizartearen zerbitzura» egon dadin. Alde horretatik, esan du PSE erabat EAJren mende dagoela.
Bozeramaileak landa eremuan alokairu merkea bultzatzeko plan bat proposatu dio aldundiari, eta osasun mentalaren eta suizidioa prebenitzearen gaineko foru plan bat, bihar eztabaidatuko dena, bakoitza milioi bat eurokoa.
José Damián García-Moreno prokuradoreak, berriz, azpimarratu du garraio publikoan egiten den deskontuari eutsi egin behar zaiola 2024ko abenduaren 31ra arte, eta alde horretatik hiru milioi euroko sail bat proposatu dute. «Badakigu aldundiaren asmoa eustea dela baina koalizio gobernuko bultzatzaile izan garen aldetik beharrezko ikusi dugu hura bermatzea aurrekontu sailaren bitartez», azaldu du. Horretaz gain, kontzejuei lagundu nahi diete energia subiranotasuna lortzeko eta Energia Komunitateak bultzatzeko, horretarako 500.000 € jarrita.
Beste gainerakoan, azaldu dute diru saila 100.000 eurotan handitu beharra dagoela euskara ikasteko izena ematen dutenentzat, izen-emate kopurua handitzeko eta onuradunak gehiago izateko, zeren eta euskara ikasteak «eskubide bat izan behar du, eta ezin da izan kontu korrontean dagoen diruaren araberakoa».
Azkenik, Begoña Seco prokuradorearentzat, hiru milioi eurotan handitu behar dira familia inguruneko zainketetarako laguntza ekonomikoak eta arreta pertsonalerakoak, beroriek ezagutarazteko eta «zaintzaileen zenbatekoak eta prestakuntza hobetzeko» eta horrekin arretaren kalitatea bera ere areagotzeko. «Zainketak funtsezkoak dira gure gizartean, eta uste dugu pandemiak erakutsi zigula osasun sistema indartsu bat izatearen garrantzia, baina baita sistema soziosanitario sendo bat izatearena ere, eta, batik bat, publikoa», amaitu du Secok. Era berean, ziurtatzen badute ere ereduak publiko-komunitarioa izan behar duela, prokuradoreak dio ezin dutela egungo errealitatea alde batera utzi, eta eskatu dute egoitza pribatuetako hitzarmena berritzeko foru gobernua aritzea patronalen eta sindikatuen bitartekari.