Ezker Anitza IUk zehaztu egin du ituna lortzeko edozein aukera baldintzatuko duen hauteskunde programa eta «ezker osoko bloke politiko» bat osatzea euskal politika aldatzeko

Ehun bat militante bildu dira Bilbon, datozen hauteskundeetarako programa politikoa lantzeari buruzko topaketan

Bizitzaren eta enplegu duinaren zerbitzura dagoen eredu ekonomikoa; estatu- eta zerga-eredua, etorkizun iraunkorra, osasuna, hezkuntza, etxebizitza, feminismoa eta bizitza politiken erdigunean kokatzea izan dira eztabaida-taldeek landu dituzten gai nagusiak

 

Bilbao, 2024ko urtarrilaren 27a. Ezker Anitza-IUk larunbat honetan egin du bere bilera programatikoa. Duela bi hilabete hasi zen prozesua, aurtengo hauteskunde autonomikoetarako hauteskunde-programa antolatzeko. Ehun bat militante bildu dira Bilbon dokumentu hau definitzeko.

Jon Hernandez Ezker Anita-IUko zerrendaburuak adierazi duenez, gaur eztabaidatutako programa izango da edozein itun egiteko eta ezkerreko bloke politiko bat osatzeko erreferentea. «Prest gaude hauteskundeak baino lehen eta ondoren aliantzak ehuntzeko, alternatiba izateko erabakia hartuko duen ezkerreko proposamen bat planteatzeko, eta ez erakundeetan lanean denbora gehiegi daraman EAJren makulu bat».

Halaber, Hernandezek azpimarratu du Ezker Anitza-IU datozen hauteskunde autonomikoetan egongo dela, «herritarren bizi-baldintzak hobetuko dituzten politika ezkertiarrak eta justizia sozialekoak» erakundeetara eramateko. Eta hori ezkerreko bloke osoaren ulermenean datza «.

Hala, Ezker Anitza-IUko hautagaiak ziurtatu duenez, «zerbitzu publikoak defendatuko ditugu, pribatizazio politikek hondatuta. Zaintzek kalitatezko sistema publiko baten alde egingo duten politikak behar dituzte, eta ez azpikontratazioen eta kanporatzeen alde. Premiaz defendatuko dugu etxebizitzak espekulatzaileentzako negozio izateari uztea, enplegu-baldintzak hobetzea eta pertsona guztientzako beharrezko gizarte-babesa, Euskadin guztiok modu duinean bizi behar dugula uste baitugu».

Proposamen politikoa eta programatikoa

Bestalde, Lorena Vicioso Adrià Ezker Anitza-IUko Programa arduradunak adierazi du Eusko Legebiltzarrean ordezkatuko gaituzten pertsonak bezain garrantzitsua dela bileran definitu den eduki programatikoa. «Programa hau hauteskunde hauetara ahalik eta koalizio indartsuena aurkezteko modurik onena da, ezker guztiak batuko dituen etorkizuneko gobernu bat osatzeko erabakigarriak izango baitira».

Hainbat taldetan banatuta, militantziak hainbat gairi buruzko ekarpenak aztertu eta egin ditu: enpleguaren eta bizitza duinaren zerbitzura dagoen eredu ekonomikoa, etxebizitza, osasun-sistema publiko eta kalitatezkoa, estatu-eredua, fiskalitatea, hezkuntza, zaintza-sistema publikoa, klima-aldaketa, mugikortasun iraunkorra, feminismoa, gazteria eta Euskadi euskalduna, kulturanitza eta eleaniztuna.

«Gure programa oso ardatz argiek osatzen dute: hezkuntza publikoaren defentsa, EAJren eta PSEren itunpeko ereduaren aurrean aukera-berdintasuna sortzen duena; kalitatezko osasun publikoa, baliabide nahikoak dituena; etxebizitza duina arrazoizko prezioan eskuratzeko guztiok dugun eskubidea, zaintzarako eskubidea, eta planeta jasangarri batean bizitzeko eskubidea, larrialdi klimatikoari aurre egiteko politika ausartak eginez, horren ondorioak dagoeneko pairatzen ari baikara», gaineratu du Lorena Vicioso Adriàk.

Programa-topaketari amaiera emateko, ekitaldi politikoa egin da. Bertan, Jon Hernández eta Lorena Viciosoz gain, Ismael González IUko Antolakuntza arduradunak, Arantza González Donostiako Udaleko zinegotziak eta Iñigo Martínez Zatón Ezker Anitza-IUko Antolakuntza idazkariak parte hartu dute.